ESKOLAKO AGENDA 2030EKO JARDUNALDI TEKNIKOA: GETXOKO IKASLEAK UDALERRI IRAUNKORRAGO BATEN ALDE ARI DIRA LANEAN

Joan den ostegunean (martxoaren 31n), Getxoko ikasleek hiri jasangarriaren alde lan egitearen garrantziaz hitz egiteko eta gai honi buruzko gogoeta egiteko aukera izan zuten.
Getxoko 11 ikastetxek hartzen dute parte Eskolako Agenda 2030ean. Programa honen bidez ikasturte bakoitzean ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako gai bat lantzen da. Aurtengo gaia lantzeko, “11. GIH: Hiri eta komunitate jasangarriak”, hiriko berdeguneen eta aisialdirako guneen azterketan zentratu dira ikasleak.
Ikastetxeek EA2030 programaren faseak bete dituzte eta 11. GIHrekin lotutako hainbat jarduera egin dituzte. Udal mailan, adibidez, ikasleek Getxoko berdeguneetatik eta parkeetatik ibilbideak egin dituzte udal-diagnostikoa egiteko, hau da, Getxoko zonalde hauen indarrak eta ahuleziak aztertu dituzte. Jarduera hau ezinbestekoa da ikasleak irizpide fidagarri batean oinarritu ahal izateko proposamenak eta konpromisoak pentsatzerako orduan.
Era berean, gaiari buruz gehiago jakiteko, jardunaldi tekniko bat egin zen. Fadurako Kiroldegian 2 saio egin ziren. 9:30etan, lehen hezkuntzako ikasleek “Eskola Bidea” izeneko hitzaldian parte hartu zuten, Ortzadarreko Beatriz Madero eta Itziar Vitoricaren eskutik. Ondoren, 10: 40ean, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleek “Bolue Estudios Ambientales”-eko Xabier Buenetxeak emandako hitzaldiaz gozatzeko aukera izan zuten. Azken hitzaldi honetan Getxoko berdeguneetako biodibertsitatea handitzeko udalerrian egiten ari diren eta egin nahi diren ekintzen berri eman zuen Xabierrek. Guztira 116 ikaslek eta 18 irakaslek hartu zuten parte bi hitzaldietan.
Jardunaldietan parte hartu zuten ikasleak udalerri iraunkorrago baten alde lan egitearen garrantziaz jabetu ziren, eta ikasitako guztia ikastetxeko ikaskideei helarazteko ardura hartu zuten.
Recommended Posts

Trinitarias ikastetxea aintzatetsi duteIII. GJH Sarietan
June 23, 2025

TIGRE ELTXOA NAFARROAKO IPARRALDEAN EZARRI DA
June 12, 2025