GETXOKO IKASLEEK ESKOLAKO AGENDA 2030EAN EGINDAKO LANA AURKEZTU DIOTE UDALARI

Ekainaren 3an Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten Getxoko ikastetxeetako ikasleek ikasturte honetan 15. Garapen Jasangarriaren Helburuaren (Lurreko Ekosistemen Bizitza) inguruan egindako lanaren emaitzak aurkeztu dizkiote Udalari.
Ikasleek hainbat gai eta ekintza aztertu dituzte, besteak beste, Getxoko egoeraren berri izateko udal diagnostikoa. Programan parte hartzen duten ikastetxeetatik 11k Udal Foroan udalerriko ingurumen-arazoak murrizteko hartzen dituzten konpromisoak aurkeztu zituzten.
Hona hemen hartutako konpromiso horien adibide batzuk: teknologia-klaseak aprobetxatzea hegaztientzako etxetxoak eta bestelako babeslekuak eraikitzeko ingurunean jartzeko, hamaiketakoa tupperretan eramatea klasera hainbeste hondakin ez sortzeko edo Azkorriko pinudia bezalako gune naturaletan garbiketak antolatzea.
Era berean, urtero bezala, hobetzeko proposamen batzuk aurkeztu dizkiote Udalari, hala nola liztor asiarraren aurka borrokatzea, txakurrak aske egon daitezkeen parke naturalizatuetako eremuak mugatzea edo parke eta berdeguneetan narrasti eta ugaztun txikientzako babeslekuak jartzea.
Azkenik, ikasleek datorren ikasturtean batera egingo duten ekintza eraldatzailea azaldu dute; hau da, anfibioentzako putzu bat eraikiko dute aldez aurretik hondakinez eta espezie inbaditzaileez garbituko duten eremu batean. Era berean, herritarrei emaitzen berri emateko jarraipena egiteko konpromisoa hartu dute. Ekintza honen helburua udalerriko biodibertsitatea hobetzea eta jendea gure ekosistemak zaindu beharraz kontzientziatzea da.
Recommended Posts

Trinitarias ikastetxea aintzatetsi duteIII. GJH Sarietan
June 23, 2025

TIGRE ELTXOA NAFARROAKO IPARRALDEAN EZARRI DA
June 12, 2025