Frantziako erdi-mendebaldean eraztuna ipini dioten txantxangorri bat iritsi da Bolueko Hezegunera

- Orain arte, 30 baino gehiago dira Boluen berreskuratu diren edo hemen eraztunak jarri eta ondoren beste estazio batzuetan berreskuratu diren txorien erregistroak
- Europako beste leku batzuetan eraztunak jarri eta gero Boluen kontrolatutako aleak are ugariagoak dira: benarriz arrunta, txantxangorria, dilindaria, martin arrantzalea, enara…
- Bolueko Hezegunearen Estazioa Euskal Herriko zaharrenetakoa da, eta bere helburua nagusia da hegazti-faunari buruzko datuak ematea hezegunearen beraren kudeaketa integralean erabili ahal izateko
Bolueko hezeguneko Eraztunketa Estazioko sareetako batek txantxangorri ale bat harrapatu du berriki, puntu horretan jarri ohi ez den eraztun bat zeramana. Eraztuna aztertu eta kontsultatu zutenean, ingurumen-teknikariek egiaztatu zuten iazko azaroan eraztuna jarri ziotela Sainte-Solineko hezegune txiki batean, Poitou-Charentes eskualdean, Frantziako erdi-mendebaldean, Atlantikoko kostaldearen ondoan.
Orain arte, 30 baino gehiago dira Boluen berreskuratu diren edo hemen eraztunak jarri eta ondoren beste estazio batzuetan berreskuratu diren txorien erregistroak. Azken horien artean, benarriz arruntak nabarmendu ditzakegu, EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartuta daudelako. Horrela, Boluen eraztuna ipini zaion espezie horren ale batzuk geroago berreskuratu dira, hilabete batzuk geroago eta baita urte batzuk geroago ere, leku ezberdinetan kokatutako hainbat estazioetan: Treogat (Bretainia frantsesa), Teifi Marshes (Galesko hezegune onenetako bat), Zeebrugge eta Glabbeek (Belgika), edo gertuagokoetan, Urdaibai Bird Centerrek Gautegiz-Arteagan duen eraztunketa estazioan, esate baterako. Beste espezie batzuk, txinbo kaskabeltza, adibidez, Eisenbergen (Alemania) agertu zen eraztuna jarri eta hilabetera; edo martin arrantzale bat eta kaskabeltz handi bat hilda agertu ziren Berangon eta Leioan, hurrenez hurren. Zeramaten uztaiari esker ezagutzen zen haien nortasuna.
Beste leku batzuetan eraztunak jarri eta gero Boluen kontrolatutako aleak are ugariagoak dira. Hala, Greifswalder uhartetik (Alemania) etorritako txantxangorriak, Chenac-Saint-Seurin-D ´Uzetetik (Frantzia) zetorren dilindari bat, Pontecesoko (A Coruña) txio arrunt bat, Jusliboleko (Zaragoza) martin arrantzale bat, Gautegiz-Arteagako (Urdaibaiko erreserban) eta Tor Paternoko (Erroma, Italia) enarak aurkitu dira. Halere, ugarienak, berriz ere, benarriz arruntak dira, Belgikatik (5), Herbehereetatik (1), Suediatik (1), Txekiar Errepublikatik (1) eta Kantabriatik (1) etorritakoak.
Bestalde, gogorarazi behar da 2021eko azaroan 9 urte baino gehiago zituen errekatxindor eme bat berriz harrapatu zutela, 2012ko uztailean Bolueko estazioan bertan eraztuna jarri ondoren. Izan ere, Iberiar Penintsulako espezie horretako alerik zaharrena eta munduko bigarren zaharrena zen.
Ahalegin Iraunkorreko Eraztunketa Estazioak Europako leku askotan eta oso bestelakoetan daude, eta oso garrantzitsuak dira hegaztiak ezagutzeko eta kontserbatzeko, bai hegazti sedentarioak, bai migratzaileak, baita haien populazioak kudeatzeko ere, bai tokiko mailan, bai maila globalean. Bolueko Hezegunearen Estazioa Euskal Herriko zaharrenetakoa da, eta bere helburua nagusia da hegazti-faunari buruzko datuak ematea, beste datu batzuekin batera, hezegunearen beraren kudeaketa integralean erabili ahal izateko. Hala ere, hegaztien ezagutzari egiten dioten ekarpena ere globala da; izan ere, eraztuna ipini zaien ale batzuk beste leku batzuetan harrapatzen dira, eta alderantziz ere. Horri esker, hegaztien migrazio-ibilbideak ezagutu daitezke, eta, are garrantzitsuagoa dena, joan-etorri horietan atseden hartzeko eta hornitzeko erabiltzen dituzten lekuak, funtsezkoak baitira haiek kontserbatzeko.
“Azken urteetan, Getxoko fauna basatia ezagutzeko eta kudeatzeko hainbat jarduera egin dira. Hegaztientzako habitat aparta denez, funtsezkoa da populazio-zentsuak egitea, bai urtekoak, bai urtarokoak. Datu horien konparazioak Getxoko ingurune naturaleko espazioen erabilera eta migrazio-ibilbideetan duten garrantzia kontrolatzeko balio digu. Horregatik, ekintza txikiekin biodibertsitatea areagotu daiteke, herritarren zientziako jarduerak sustatuz”, azaldu du Iñigo Urkitza udal Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak.
Recommended Posts

Trinitarias ikastetxea aintzatetsi duteIII. GJH Sarietan
June 23, 2025

TIGRE ELTXOA NAFARROAKO IPARRALDEAN EZARRI DA
June 12, 2025