Hegazti ugaltzaile espezie berri bat aurkitu dute Getxon: okil beltza

Hegazti ugaltzaile espezie berri bat aurkitu dute Getxon: okil beltza

Udaleko Ingurumen Unitateko Faunaren Jarraipenerako taldeak duela gutxi aurkitu du picidae familiako espezie berrikoa den txori bikote bat. Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (CVEA) sartuta dago, Arraroa kategorian, eta orain arte Getxon inbentariatu ez den txoria da: okil beltza (Dryocopus martius). 

Tamaina handiko arotz-txoria da, duela urte batzuk EAEn oso arraroa zen baso-espeziea, baina azkenaldian eremu berriak kolonizatu ditu. Hegazti arrunten azterketa eta jarraipenerako aldizka egiten diren laginketa-eremu batean aurkitu zen. Ikusitako portaeraren ondorioz, badirudi bikotea ugaltzeko lurralde berri batean finkatzen ari dela. 

Gainerako okilekin gertatzen den bezala, bere moko luze eta gogorrarekin enborrak zulatzeko duen gaitasuna da bere ezaugarri deigarriena. Okil beltza Europako okilen arteko handiena da, 45-48 cm-ko luzera eta 70-75 cm-ko hegal zabalera izanik; ia belearen tamainakoa dugu. Lumaje beltza du erabat buru gainean izan ezik, bertan marra gorri zabala ageri duelarik (oso nabarmena du arren kasuan, emeetan aldiz garondoan kokatutako orbain txiki bat baino ez). Mokoa gris argia izaten du, eta begiak zuri-horiskak. 

Horrela, lau okil espezie dira Getxoko lurraldean bizi direnak eta ikus daitezkeenak: arotz txikia (Dryobates minor), arotz handia (Dendrocopos major), okil iberiarra edo okil berdea (Picus sharpei) eta, hemendik aurrera, okil beltza (Dryocopus martius). Azken horrekin batera, arotz edo okil txikia ere Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta dago.

Share